2.2. Nazioarteko harremanak
– Ombudsmanaren Nazioarteko Erakundearen (IOI) esparruko zenbait jarduera
Arartekoko ordezkari batzuek kexak kudeatu, aztertu eta komunikatzeari buruzko prestakuntza-ikastaro batean parte hartu zuten. Ikastaro hori Ombudsmanaren Nazioarteko Erakundeak (IOI) antolatu zuen eta irailean egin zen, Vienan –hantxe baitu egoitza erakunde horrek–. Bertan, 20 herrialdetako 33 parte-hartzailek elkarri jarduera egokiak adierazi zizkioten gai hauen gainean: elkarrizketak egitea, araudiak aztertzea, pentsamendu kritikoa, txostenak idaztea eta erabakiak jendaurrean jakinaraztea. Ikastaroaren zuzendaritza teknikoa Edinburgoko Queen Margaret Unibertsitateak hartu zuen bere gain; unibertsitate horrek defentsa-erakundeen funtzionamenduari eta kexak kudeatzeari buruzko ikerketa-zentro bat du, nazioartean ospe handia duena. Ikastaro honi esker, hurbilagotik ezagutu ahal izan dira zer-nolako erronkak, indarguneak eta aukerak dauden munduko beste toki batzuetako defentsa-erakundeetan, herritarren eskubideak babestu eta sustatzerakoan.
Bestalde, IOIk Europan duen batzorde betearazleak Arartekoaren proposamen hau onartu zuen: mintegi bat egitea herriaren defendatzaileek LGBTen eskubideak babesten eta sustatzen duten eginkizunaz. Europako mintegi hori elkarrekin antolatuko dute IOIk eta Arartekoak eta 2013ko maiatzean izango da.
– Herriaren Defendatzaileen Europako Sarearen Eskualdeko VIII. Mintegia
Urrian, Arartekoak Herriaren Defendatzaileen Europako Sarearen Eskualdeko VIII. Mintegian parte hartu zuen, Bruselan. Europako Herriaren Defendatzaileak bultzatuta, topaketa hauek bi urtero egiten dira eta Europar Batasuneko Estatu kideen eskualdeko defentsa-erakundeen erronka eta helburu nagusiak eztabaidatzeko eta elkarri adierazteko tokia dira. Iñigo Lamarca arartekoak ponentzia bat aurkeztu zuen, Herritarrekin komunikatzea, administrazioekin komunikatzea izeneko mahai-inguruan. Bere mintzaldian, arartekoak gainontzeko parte-hartzaileekin partekatu zuen pertsonen eskubideak babesteko gizarte-erakundeen aliatu gisa duen eskarmentua.
– Hakamada Iwao kasuari buruzko apelazioak
Arartekoak japoniar agintari zenbaiti apelazioak igortzen dizkie hilero Hakamada Iwaoren egoeraz duen kezkaren berri adierazteko. Hakamada Iwaok 77 urte ditu gaur egun eta horietatik 44 kartzelan daramatza noiz hilko zain. Seguru asko heriotzako korridorean denbora gehien daraman pertsona izango da mundu osoan.
Hakamada 1968ko irailean errudun jo eta heriotzara kondenatu zuten. Epaiketan adierazi zuenez, poliziak jo eta mehatxatu egin zuen aitorpen bat sinatzeko; hori guztia poliziak 20 egunez interrogatu ondoren. Galdeketetan ez zuen abokaturik izan. Bere lantokiko zuzendari gerentea, honen emaztea eta bi seme erailtzeagatik kondenatu zuten Hakamada. Hakamada kondenatu zuen epaileetako batek 2007an publikoki adierazi zuen bere ustez Hakamada errugabea zela, baina bozketan gutxiengoa zela. Amnesty Internationalentzat kezkagarria da 1980an, heriotza zigorra berretsi eta hilabete gutxira, Hakamada bere pentsaeran eta jokaeran gorabeherak erakusten hasi izana. Kartzelako agintariek ez diete ez bere legezko ordezkari ez familiakoei Hakamadari buruzko txosten medikorik ematen. Japoniako legediak dio buruko gaixotasunen bat duten presoak ez direla exekutatuko.
2012an zazpi pertsona exekutatu ziren Japonian. 2011n ez zen bat bera ere exekutatu. 131 pertsona daude herrialde horretako heriotzaren korridorean. Urkatuta exekutatzen dituzte Japonian eta, oro har, isilpean egiten dira. Amnesty Internationalen esanetan, presoei ordu gutxi batzuk lehenago jakinarazten zaie, oro har, baina zenbaitetan ez zaie jakinarazten. Gehienetan familiakoei ez zaie exekuzioaren berri gertatu arte ematen.
Arartekoak igortzen dituen apelazioak Gipuzkoan Amnesty Internationalen Taldeak Hakamada Iwaoren kasuari buruz bultzatako kanpainan sartzen dira, beste herrialde batzuetako Amnesty Internationalen taldeekin koordinazioan. Erakunde honek emandako datuen arabera, 2012ko abenduan Arartekoaz gain, hiru alkatek, Gipuzkoako Batzar Nagusietako hamar kidek, Eusko Legebiltzarreko kide batek, 2 zinegotzik eta 400 pertsona inguruk igortzen diete hilero beraien apelazio japoniar agintariei, Hakamada Iwaori heriotza zigorra ez ezartzeko eskatuaz.
Arartekoak hiru aldiz adierazi dio japoniar homologoari Hakamada Iwaorekiko kezka eta herrialdean exekuzio kopuruak gora egin duelako kezka ere bai.